XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lau txalupak harantza jo eta ketan bideratu ziren.

Benetan ikusgarria zen hura! Uhinetan gora eta behera, arraun eta haize zarata artean zihoazen txalupak; patroiak, arraunlariei kemen eman nahirik, ez ziren isiltzen.

Eta denen atzetik, bere txitak babesten dituen oilo baten antzera, bela guztiak zabaldurik zituela, Pequod.

Arraunketa gogorrean ari ginen.

Giroa lehentxoago zaztartzen hasia zen eta okerragora zihoan.

Lainoa jabetu zitzaigun; laster ezer ikusi ezinik genbiltzan.

- Aurrera mutilak!- zioen Starbuck-ek -; oraindik ekaitza gogortu baino lehen balea bat harrapatzeko era badiagu eta... Ur zuria berriz ere! Queequeg, zuti hadi!.

Queequeg berehala goititu zen eskuinean arpoia zuela, edozertarako prest.

Txalupak aurrera egiten zuen laino artean.

Guk jo eta jo besterik ez genuen.

- Han daukak konkorra! Han, han! Emaiok! Xistu hots bat entzun zen.

- Queequeg-ek aurtikitako geziak aterea zen.

Bat batetan danbateko batek eragin zion txalupa osoari; brankak zerbaiten kontra jo zuen.

Ez zen izan makala hartu genuen indarra! Txalupa, balea, arraunak eta gizonak zurrunbiloaren aparretan bihurturik genbiltzan.

Queequog-ek botatako arpoiak ikutu bakarrik egin zuen balea eta hau iheska urrutiratu zitzaigun.

Gure bale txalupa, ur asko hartu arren, beste gaitzik gabe gertatu zen.

Inguruan sakabanatuta zebiltzen arraunak bildu genituenean, karel gainetik barrenera sartu eta bakoitza bere tostan eseri ginen.

Ura belaunetaraino genuen.

Haizea asko zakartu zen ordurako eta uhinak gero eta garaiagoak ziren.

Alferrik egiten genien dehadar beste txalupetakoei. Bakar bakarrik gelditu ginen.